Cerrar

43. Euskal Zine Bilerak baditu bere irabazleak!

28/11/20

Larunbat honetan ospatutako Sari Banaketa ekitaldian aurtengo jaialdiko sarituak eman dira ezagutzera.

19 film izan dira aurtengo Euskal Zine Bilerako Lehiaketan parte hartu dutenak. Den denak azaroaren 23tik 26era bitartean ikusi ahal izan dira 2020.zinebilera.eus orrialdean eta sekulako maila egon dela azpimarratu dute epaileek. Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da.

Hori bai, film guzti horien artean hiru izan dira gailendu direnak. Saridunak erabakitzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegileak izan dira eta erabaki oso zaila izan dela adierazi dute. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko.

Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta EITB Ikusleen saria

Film onenaren saria, Bego Vicarioren “Ehiza” pelikularentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez, proposamen ausarta eta animazio lan ikusgarria da, rotoskopia teknika maisuki erabiltzen duena eta film osoan zehar erritmoa bikaina mantentzen duena. Hortaz, berarentzat 43. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren “Irten barrura” filmarentzako izan da. Epaileek nabarmendu duten bezala, begirada berezi eta erakargarria aurkezten duen filma da, berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman du.

Gidoi onenaren saria, Imanol G. Gurrutxagaren “Nigandik” lanarentzat izan da. Isiltasun eta begiradekin errealitate garden bat aurkezten duen filmak, naturaltasun handiz familia arteko harremanak adierazten dituela azpimarratu dute epaileek. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea zein izan den ezagutu dugu. Gidoi onenaren sarian gertatu den antzera, ikusleek bat egin dute epaileen erabakiarekin eta “Nigandik” filma izan da boto gehien jaso dituena, batez beste 5etik 4,61 puntu lortuz. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Era berean, epaileek aipamen berezia egin nahi izan diote Ekain Albiteren “Haizearen egia” filmari, saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo azaltzeagatik, filmak begirada lausotua aurkezten duela azpimarratu nahi izan dute, flashback eta narratiba tenporala bikain nahasiz.

Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi ditu, haien lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun 2020.zinebilera.eus orrialdean jaialdia jarraitu duten ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik.

Euskal Zinemaren Begirada: Pascal Gaigne

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begirada, Pascal Gaigne musikariarengan jarri du 43. Euskal Zine Bilerak. Musikagileak urteetan zehar euskal zineman egin duen ekarpena omendu eta bere lana ezagutu eta aitortu nahi izan dugu hartara. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia edo Errementari dira azken urteetan bere konposaketen artean aurkitzen diren filmak. Pascalen ibilbidea hobeto ezagutzeko, berarekin solasean aritu gara Aitor Abaroak egindako erreportaje baten bidez. Elkarrizketa interesgarri hau ikusi ez baduzue, gogoratu 2020.zinebilera.eus orrialdean izango duzuela ikusgai.

Jaialdiak ez du oraindik agur esatenEuskal Zine Bilera lehiaketa baino gehiago da eta irabazleak gaur ezagutu baditugu ere, bihar, azaroak 29, egitarauak jarraitu egingo du hainbat proposamenekin. 16:00etan hainbat eragileren arteko solasaldia aurkeztuko da, bertan Zinegin festibala, Zine-lab proiektua, (H)emen elkartea eta Euskal Zine Bilerako ordezkariak izango ditugu. 17:00etan Urtzi Urkizu kazetariarekin solasean arituko gara, “Euskal gatazka euskal zinemagintzan” lanaren aurkezpenaren bidez. Eta Euskal Zine Bilerari amaiera emateko, 19:00etan, Palmaresaren proiekzioak emango dira, 43. edizio honetako irabazleen lanak emanez.